Kurtsoko lehenengo egunetan arkitektura definitzeko eskatu ziguten eta lan horretatik atera ziren hitz guztiekin zerrenda bat burutu zuten irakasleek. Zerrenda hau guri banatu ondoren zera eskatu ziguten: 10 hitz aukeratuz eta binaka jarrita gaur egun arkitektura guretzat zer den deskribatzea maketa baten bidez.
Nik Joseba Iztuetarekin egin nuen lan hau eta argazkian ikusi daitekeena eraiki genuen.
Ideia nagusia
arkitektura (bere oinarri eta elementuekin) ezin dela lehenengo begiradan ikusi
da, hau da, arkitekturak, espazio bat osatzen du, eta espazio horretan sartu
gabe ezin da benetan ulertu. Hori adierazi nahi izan dugu kanpoaldeko itsura
sinplearekin eta elementu guztiak barnean kokatuta.
Barne espazioaren
erdian pertsona kokatu dugu, arkitektura pertsonek pertsonentzat sortutako
zerbait baita. Eta lehenago esan bezala, arkitektura bere osotasunean ulertzeko pertsona eraikinaren barnean kokatu behar delako.
Atzeko horman ametsa eta sormena hitzak irudikatu ditugu, izan ere, arkitektura sortzeko oinarrietako bat dira, bertatik sortzen baita
arkitekturaren ideia. Hau adierazteko horma transluzido bat erabili dugu amets
eta sormenak ematen duten argitasuna adierazteko.
Gainerako bi hormetan eta sabaian forma, soluzioa eta babesa hitzak idatzi ditugu, arkitekturaren oinarria ideia honetatik datorrela uste baitugu: gizakiak, babes bat lortzeko arazoari soluzioa emateko asmoz ingurumenari forma ematen dio.
Hegan dauden txoriekin adierazitako askatasuna hitzarekin bi ideia erakutsi nahi izan ditugu. Alde batetik, eraikuntzari esker eta eraikuntzan gizakiak lortzen duen askatasun fisikoa eta beste aldetik, era berean, arkitekturak gizakiari eman diezaiokeen askatasun mentala.
Natura
eta armonia lurrean kokatu ditugu, gure oinarria arkitekturan natura izango delako beti eta gainera askotan ideia iturri moduan ere funtzionatzen duelako. Honez gain,
natura eraikinaren zati da, eraikinak naturaren zati diren moduan, elkarrekintza zuzena baitago bien artean. Baina, elkarrekintza egokia izan dadin armonia beharrezkoa dela uste dugu. Era berean, eraikinaren barruan elementu guztien batasuna lortzea
garrantzitsua dela adierazi nahi izan dugu.
Amaitzeko, maketaren sarrera izango litzatekeen horretan dintel itxurako egitura elementu bat osatuz egitura
hitza erabili dugu, arkitektura ez baita irudimenezko kontua bakarrik.