jueves, 16 de mayo de 2013

TRINITATE PLAZA MOLDATZEN

Kurtsoko azken proiektua Donostiako alde zaharreko Trinitate Plazan landu dugu. Espazio hau "nahigabe" sortu zela esan daiteke eraikin batzuen eraistea eta herritarren beharrek bultzatua. Luis Peña Gancheguiri plaza diseinatzeko eskatu zitzaionean jada honek bazeukan bere erabilera: herri-kirolak. Arkitektoak, hau kontuan hartuta, espazio ezin hobe bat lortu zuen. Arkitektura eta kirol euskaldunaren kutsua zainduz aurkako bi elementuren fusioa lortu zuen: Abuztuak 30 kalea eta Urgull mendia. Kale batek suposatzen duen ordena eta zuzentasuna, naturaren desordena eta basatasunarekin kontrajartzea lortu zuen armaila batzuen bidez, era berean, plaza osotasunean batuz.







Txuri beltzean denez ezin dakolorea aztertu, baina, ikusten da nola harriaren texturak bat egiten duen bai inguruko eraikinekin eta baita Urgull mendiarekin ere.

Hala ere, gaur egun aldaketa ugari jasan behar izan ditu espazioak. Aipagarriena beharbada lurra adokinatua izatetik laua izatera pasatu dela da, umeentzako kirol egiteko eremua bilakatuz. Horretaz gain, San Telmoren atzealde guztia eraldatu egin da (kolore erlazioa galduz eta plazara eraikin berri baten sarrerarekin) eta bolatokiak zeukan esentzia galdu egin da itxitura bat gehituz.







Guk, beraz, interbentzio bat burutu behar genuen espazio honetan. Horretarako, herritarren toki bat denez, beraiei galdetu nien plaza honetan nahi zutenari buruz. 

Lehenengo plazari buruzko iritzia edo zein ezagutza zeukaten galdetu nien. Gaztetxoenek jolaserako toki bat zela zioten, gazteek farretako momentu onak zein txarrak pasatu izan zituztela bertan adierazi zidaten eta adindunek, berriz, bertan zerbait antolatua zegoenean (Santo Tomasetan adibidez) bakarrik gerturatzen zirela. Ondoren, eta honekin amaituz, plaza horrek erabiltzaile gehiago izan zitzan zer falta zitzaion galdetu nien. Gaztetxoak zegoenarekin konformatzen ziren edo ez zekiten zer nahi zuten eta gazte eta adindunek bat egiten zuten galdera honen erantzunean: bi taldeen arabera egoteko toki bat zen beharrezkoa, bai udan eta bai neguan disfrutatu ahal izango litzatekeena, iturria, saltoki edo tabernaren bat, jendearen artean erlazioa ahalbidetuko lukeen espazio bat...

Nik, zehaztasun handiegietan sartu gabe, estalki baten bidez, egoteko espazio atsegin baten sorreran pentsatu nuen. Lan hau burutzeko toki zehatz bat aukeratu beharra neukan, edo behintzat plazan funtzio bat daukaten espazioetan eragozpenik sortuko ez lukeen toki bat. Honetarako Trinitate plaza egun batzuetaz aztertu eta ondorio hontara heldu nintzen: jendeak, bai frontoian eta bai plaza erdian haurrak jolasteko batzen direla eta armailek talde baten elkarrizketa saihesten dutela ikusiz, bolatoki gainera jotzen du.

Plazara sartu eta ikusten den lehenengo gauza bolatokia, bolatoki gaina eta Urgull mendiaren magala da, zuhaitzez beterikoa. Hau kontuan hartuz, altura ezberdinetako "zuhaitzak" jaitsi ditut Urgulletik plazaren sarreraraino.  Ideia hau garatzerako orduan Bizkaiako Kanpuseko Bizitzaren Basoak asko lagundu dit.


 
"Zuhaitzetako" batzuk (bolatokiaren ingurukoak) egoteko espazio horren gainean zintzilikatuko litzatekeen estalkiaren euskarri dira. Beste batzuk (espazio konkreturen batera bideratuz) farola bezala funtzionatu dezakete eta azkenak hiriko metalezko baso horren konposizioa osatuko dute.

















(Arazo batzuk medio proiektuaren azalpen eta planoak ezin izan ditut blogean aurkeztu, dena den, Donostiako Arkitektura Eskolako Proiektuetako bulegoan aurkitu daitezke.)






No hay comentarios:

Publicar un comentario