martes, 5 de marzo de 2013

INGURU NATURALEKO HABITATA



Lehenagoko azalpenetan esan bezala proiektua hau Bergarako lur-sail maldatsu baten kokatzen da eta printzipioz bikote bat eta beste bi pertsonentzat egina dago. Honetaz gain, irakasleek eskatutako baldintza minimoak espazio komun bat eta beste lau pertsonal sortzea zen, lehenengoa gutxi gora behera 40 metro karratutakoa izanik eta gainerako laurak 20 metro karratutakoak.










Nire terrenoan dagoen aldaparen arazoari aurre egiteko solairu ezberdinetan banatu dut habitata; 4 pertsonek dituzten behar komunak betetzeko tokia beheko solairuan eta behar indibidualak goiko pisuan. Zati finkoa hormigoi armatua bezalako materialaz eraikiko litzateke zurruntasuna azalduz baina bere itxura arin eta arruntak habitata betirako ez dela adieraziko luke. Hala ere, aldaparen arazoak bertan jarraitzen duenez zati finko hau zutabe batzuen gainean bermatuko da eta lurraren eta habitataren lotura errazteko eraikinaren bi aldetan eskailera batzuk aurkituko ditugu. Bi eskailera hauek, etxe aurretik terraza bezala igaroz, korridore batez daude lotuta. Bata sarrera printzipalera eramaten duena da eta bestea berriz ortuarekin erlazioa sortzen duena.


Leku komunaren ezaugarri finkoak laukizuzena inguratzen duten hiru horma, herrirantz ematen duen eta ireki daitekeen beirate zabala, sukaldea, sua, goiko pisurako eskailerak eta komuna dira . Elementu hauek sortzen dituzten espazioak modu ezberdinetan antolatuko dira bertan bizi direnen arabera. 

Eskailerak igoz gero beheko solairuaren estalkia den lauza batekin, iparralderantz dagoen lur-sailarekin lotura ezartzen duten 3 maila luze eta eskailera inguratzen duen aterpe txiki batekin aurkitzen gara. Aterpe honetara lotuko dira hain zuzen ere pertsona bakoitzaren habitat pertsonalak.



Espazio indibidual hauek lurretik altxatuta daude eta 3x3 metroko kuboak guztiz modulagarriak dira, bai barneko distribuzioari dagokionez eta baita espazioaren itxiturari dagokionez ere. Modulazio honen azalpena irudietan ikusi daiteke. 




Amaitzeko esan beharra daukat, habitat osoa eusten duten zutabeen inguruan ere aterpe antzeko espazio bat sortzen dela, zeina egoteko toki bezala edo bertan dagoen ortua lantzeko tresnak gordetzeko estalpe bezala erabili daitekeen.


Nik uste dut, beraz, ikusi daitekeela nola habitata ia bere osotasunean aldakorra den, betiere bertara doazen pertsonen arabera moldatuz.

 

jueves, 28 de febrero de 2013

HABITATAREN GARAPENA

Zuzenketaren ondoren zenbait aldaketaren beharrarekin baina habitata forma hartzen doa.

 

Kontuan hartu beharrekoak:


 Habitat mugikorraren modulazioa


Naturarekin lotura

TRINITATE PLAZA

Hurrengo hilabeteetako batean Trinitate Plazan egingo dugun esku-hartzerako toki zehatz baten aukeraketa izan zaigu bidalia. Hautaketa zaila, izan ere, plazaren errealitatea dela-eta erlazionatuta dauden baina aldi berean guztiz ezberdinak diren tokiak aurki daitezke bertan. Arrazoi horrengatik toki bat baino gehiago aukeratu ditut, hauek hobeto aztertu ondoren egokiena aukeratu ahal izateko.
 
 

Esparru gorria: Harresi zaharraren arrastoak.
Esparru urdina: Harmailak.
Esparru berdea: Trinitate plazako sarrera ezkutua.

miércoles, 27 de febrero de 2013

GREEN ROOFS

Gaur, otsailak 27, jaso dugun Green Roofs gaiaren inguruko hitzaldia, batzuetan ulertzeko zaila egin bazait ere, oso interesgarria iruditu zait, batez ere, gaur egun arte sortu eta sortzen jarraitzen ditugun kalteak konpotzen lagunduko duen edozein sistema aztertu eta lantzea garrantzitsua iruditzen zaidalako. 

Sistema honek konkretuki eman ditzaken onurak, gainera, asko dira, besteak beste, mikroklimak sortu eta hiri oso baten tenperatura orekatu, landare eta animali askoren habitat bilakatu, euri uren kanalizazio egokia sortu, airearen kalitatea hobetu, uholdeak saiestu, euri uraren berrerabilketa bultzatu etab. Egia da sistemak egoki funtzionatzeko, ezarri behar den tokiaren azterketa zehatza egin behar dela jakiteko bariante ezberdinetatik hoberena zein den (toki euritsu batean ura gordetzeko eta berrerabiltzeko sistema, leku lehorretan urtean zehar batutako ur kopuru txikia gordetzeko eta beranduago begetazioa ureztazeko erabiltzeko sistema...) 

Hala ere, hitzaldian lorategi hauek dituzten onura guztiak entzutean zera etorri zait burura; hauek badira sistema honen onurak, eta gaur egun horrela ez bada ere, orain dela 5 urte arte eraikitzen zen eraikin kopurua neurriz kanpokoa bazen ere, nola izan daiteke kalera atera eta denbora bat bueltaka pasa ondoren sabaietan landare eta begetazioa daukan eraikinik ez aurkitzea? Garapen teknologiko eskasa? Nagitasuna behar bada? Bi hauetako bat izanda ere ezingo litzateke bat bera ere aitzaki moduan erabili, kutsatzea ez baita gizakiak daukan eskubide bat, eta aurrera egiteko zerbait kutsatu behar badu ere, hau ahal den neurrian konpotzen saiatu beharko ginatekeelako.

Hau guztia izan bada ere nire burutik pasatu dena, badago poztu nauen zerbait, ikustea nola sistema hau ez den horren berria eta nola mende askotan zehar erabilia izan den jakitea eta baita are eta gehiago poztu nauena, zenbait herrialdetan jada sistema hau eraikitzen dela ikustea.




Honek guztiak beraz, zerbait ondorioztatzera eraman nau, alde batetik, jakitea ahal den neurrian sistema hau aurrera ateratzeko kapaz izango naizela gai honetan aditua den jendearen laguntzaz. Bestalde, jakitzea sistema honen azterketa eta garapenari ezker edozein eraikinetan, berri zein zahar, eraiki edo ezartzea errazagoa izango dela etorkizunean.


Gure buruen gainetik bada ere, itzuli beharko diogulako munduari  kendu diogun guztia.


 

HABITATA: TOKIA ETA TALDEAREN AUKERAKETA

Bigarren lauhileko lehenengo proiektu honetan askatasun oso eman digute habitat baten kokalekua eta bertan biziko diren pertsonak aukeratzeko eta hauek izan dira nire hautaketak:

TOKIA

Aukeratu dudan tokia Gipuzkoako herri baten aurkitzen da, Bergara. Bertan jaio eta hazi naiz, beraz, nere ideiak egoki garatu ditzakedan eta gainera ondo ezagutzen dudan inguru bat dela pentsatu nuen. Honetaz gain, txikitatik buruan neukana aurrera ateratzeko aukera ezin hobea ikusten nuen, hain zuzen ere, nire etxe atzean dagoen lur-eremuan eraikitzea. 

Toki hau paregabea da, izan ere, herritik oso gertu egoteaz gain mendian kokatuta dagoela esan daiteke eta maldari ezker herriaren zati handi bat ikusi daiteke bertatik. Euskal Herriko izkina gehienetan bezala klima hezea daukagu toki honetan ere eta gure mendien ezaugarri diren zuhaitzez inguratuta dago, baita fruitu emaleak direnak ere. Esan beharra daukat nire aitonak leku horretan daukala baratza eta beraz lurra landua eta mailatan banatua dagoela, hala ere, bere garaian lurrak landu baziren ere, eremuaren neurria eta aitonak duen adina dela eta ortuko maila batzuk utzita daude. Hauek dira hain zuzen ere nik habitat bat eraikitzeko erabiliko dudan lur-saila.

 TALDEA

Aukeratutako tokia familiarena izanda ez zitzaidan familia ez zen beste pertsona talderik bururatzen, ondorioz, nire gurasoak, arreba eta ni izango gara habitat horretan biziko garenak. Familia moduan dauzkagun beharrak ez dira beste munduko ezer izango: higienerako leku bat, sukalde bat eta hitz egiten, telebista ikusten edo besterik gabe lasai egoteko toki bat. Honekin batera, aldizkako behar batzuk ere izango zituen taldeak: bai udan eta bai neguan aisialdirako leku bat. 

Behar pertsonalei dagokienez, nire gurasoenekin hasiko naiz. Beraien behar komunak, ohea eta gauzak gordetzeko leku bat izango dira, amaren beharra baratza edo landareak gertu izatea eta aitarena lanerako mahai bat. Nire arrebarena eta nirea berdina izango litzateke, ikasteko edo lana egiteko mahai bat, arrebarena txikia izan daiteke, niri berriz mahai handi bat komeniko litzaidake.

miércoles, 6 de febrero de 2013

HANDIA - txikia


Klasean bidali ziguten hirugarren ariketa dikotomiak apurtzeko asmoz egin zen. Horretarako aurkakoak ziren bi hitz aukeratu eta hauen bitartean zegoena azalduz maketa bat eraikitzea proposatu ziguten. Nire aukera:

HANDIA-txikia

Txikia eta Handia munduaren sorreratik gizakiaren buruhauste (edo beharbada kezka) izan da. Ez gaitu pakean uzten eta gutxi balitz momentu ezerosoak sortzen ditu askotan. "Zurea nirea baino txikiagoa da", "Handiena ateratzen duenak...", "Ze txikia, ze handia...". Baina norena da honen errua? Norena izango da ba? Gurea, gizakiona, ez baitugu hizkuntzak eman digun "ertaina" hitza apreziatzen. Ez apreziatu baino, despreziatu egiten dugu, izan ere, ona den bakarra txikia edo handia den hori besterik ez dela uste dugu.

Nik, pertsonalki, "ertaina" hitzaren eta handitik ertainera eta ertainetik txikira dauden hitz guztien erabilera aldarrikatuz, honakoa egin dut:






Pertsona hauetako bakoitza toki ezberdin baten bizi dela ulertuz, hezkuntza, kultura eta bizimodu ezberdinekin, ikusi daiteke nola objektu bakarra pertsona bakoitzarentzako bestelakoa den. Hau da, lehenengo irudian agertzen den horrentzat objektua aterpe bat izango da (handia), bigarren irudikoarentzat, berriz, mahai edo barra bat (handi-ertaina), hirugarren argazkikoarentzat eserleku bat (ertain-txikia) eta azkenengoarentzat maila antzeko zerbait (txikia). Horrela gainera HANDIA-txikia-ren eskala bakarra ez baizik eta pertsona bakoitzak dikotomia honen eskala propioa duela ulertu daiteke. 

martes, 5 de febrero de 2013

Arkitekturaren Esanahia


Kurtsoko lehenengo egunetan arkitektura definitzeko eskatu ziguten eta lan horretatik atera ziren hitz guztiekin zerrenda bat burutu zuten irakasleek. Zerrenda hau guri banatu ondoren zera eskatu ziguten: 10 hitz aukeratuz eta binaka jarrita gaur egun arkitektura guretzat zer den deskribatzea maketa baten bidez.

Nik Joseba Iztuetarekin egin nuen lan hau eta argazkian ikusi daitekeena eraiki genuen. 

Ideia nagusia arkitektura (bere oinarri eta elementuekin) ezin dela lehenengo begiradan ikusi da, hau da, arkitekturak, espazio bat osatzen du, eta espazio horretan sartu gabe ezin da benetan ulertu. Hori adierazi nahi izan dugu kanpoaldeko itsura sinplearekin eta elementu guztiak barnean kokatuta.

Barne espazioaren erdian pertsona kokatu dugu, arkitektura pertsonek pertsonentzat sortutako zerbait baita. Eta lehenago esan bezala, arkitektura bere osotasunean ulertzeko pertsona eraikinaren barnean kokatu behar delako.

Atzeko horman ametsa eta sormena hitzak irudikatu ditugu, izan ere, arkitektura sortzeko oinarrietako bat dira, bertatik sortzen baita arkitekturaren ideia. Hau adierazteko horma transluzido bat erabili dugu amets eta sormenak ematen duten argitasuna adierazteko.

Gainerako bi hormetan eta sabaian forma, soluzioa eta babesa hitzak idatzi ditugu, arkitekturaren oinarria ideia honetatik datorrela uste baitugu: gizakiak, babes bat lortzeko arazoari soluzioa emateko asmoz ingurumenari forma ematen dio.


Hegan dauden txoriekin adierazitako askatasuna hitzarekin bi ideia erakutsi nahi izan ditugu. Alde batetik, eraikuntzari esker eta eraikuntzan gizakiak lortzen duen askatasun fisikoa eta beste aldetik, era berean, arkitekturak gizakiari eman diezaiokeen askatasun mentala.

Natura eta armonia lurrean kokatu ditugu, gure oinarria arkitekturan natura izango delako beti eta gainera askotan ideia iturri moduan ere funtzionatzen duelako. Honez gain, natura eraikinaren zati da, eraikinak naturaren zati diren moduan, elkarrekintza zuzena baitago bien artean. Baina, elkarrekintza egokia izan dadin armonia beharrezkoa dela uste dugu. Era berean, eraikinaren barruan elementu guztien batasuna lortzea garrantzitsua dela adierazi nahi izan dugu.

Amaitzeko, maketaren sarrera izango litzatekeen horretan dintel itxurako egitura elementu bat osatuz egitura hitza erabili dugu, arkitektura ez baita irudimenezko kontua bakarrik.