sábado, 4 de mayo de 2013

MADRILEKO BIDAIA

Heldu zen azkenean, apirilaren 13a, ikasiz deskantsatzeko aukera. Goizean goiz esnatu ginen zapatu hartan autobusa hartzeko. Bidaia ia denok lo hasi genuen baina ordu batzuen ondoren Madrilera heltzen geundenaren seinaleak agertzen hasi ziren. Azkar ikusi genituen baina lau munstro hauek ikustea harrigarria izan zen.


Madrileko kaleetatik autobusez ibili ondoren Reina Sofia Museora heldu ginen. Denboraren ondorioz eta beharrak bultzatuta handipenak eta moldaketak jasan dituen museoa. Eraikin zaharrari gaur egungo mugimenduekin bat datorren eraikutza bat gehitu zaio, ezpazio berriak sortuz eta eraikinaren fatxadak aldatuz.





Museoan zegoen Cristina Iglesiasen lana ikustera joan ginen batez ere. Lan kuriosoa iruditu bazitzaidan ere nire ignoratziak edo denbora eskasiak ez zidan eskultore honen lana ondo ulertzen utzi. Hala ere, eta nire modura izan arren, eskultura haiekin disfrutatzea lortu nuen. 






Toki honetan ikusi genituen sorkuntzetatik hunkigarriena Gernika margolana izan zen nire ustez. Beharbada gure herriaren adierazle den  lan ezagunenetariko bat delako. Horren garrantzitsua bada ere (bertan zeuden beste lan guztiekin batera) ezin izan genion argazkirik atera.


Jarraian, garai batean Madrileko hiria haragiz hornitzen zuen eta gaur egun zentro kultural bilakatutako Mataderoa bisitatu genuen. Bertan pabilioi ezberdinak ikusi genituen; liburutegia, erakustokia... 





...eta gehien harritu gintuena hondakinentzako labea ematen zuen hura izan zen.




Horretaz gain, bertatik bueltaka ari ginela bi kartel hauek ikusi genituen pabilioi baten sarreran eta espazio haren benetako funtzioa etorri zitzaigun burura.
                                                  

Zapatu hartako azkenengo bisita Tabakalerara izan zen. Eraikin hau gaur egun bitan banatuta bezala dago. Ezpazioetako bat herriak kudeatua eta bestea, berriz, udaletxeak. Lehenengoari Gaztetxe itxura hartu genion, herrikoiagoa, herriak herriarentzat sortutako zerbait. 



Bigarren espazioa, udaletxeak kuadeatua, isilagoa zen, perfektuagoa, hutsagoa, artelan kopuru antzekoarekin baina bizitza gutxiagorekin...





Igandea El Campo De La Cebada plazan hasi genuen. Hau izan zen beharbada guregan eragin gehien izan zuena. Hiritarren beharrek eta gogoak erabilera anitzeko espazio bat sortu zuten. Guztia zegoen aprobetxatua eta auzotarren zerbitzura.






Hau ikusi ondoren, azoka batera joan ginen, betiko azoka normalaz (mercadillo) gain bigarren eskuko azkoa ere zegoen, eta kaleetatik zehar jarraitzen, bigarren eskuko denda txikiak ere ikusi genituen. Bertatik bazkaltzera joan eta arratsalde guztia libre izan genuen.

Azkenik itzultzeko eguna heldu zen, astelehena. Madriletik irten eta bi bodega bisitatu genituen Burgos aldetik, zein baino zein harrigarriagoa. Lehenengoa Denominacion de origen Ribera de Duero. 






Bigarrena Bodegas Portia.




Amaitzeko aipatu beharra daukat asteburura Living Roof Hostelen pasatu genuela. Harrera eta kokaleku paregabeaz gain, espazio zoragarri bat sortzen zuen patioa izan zen, beharbada, Perec idazleak dioen bezala, Madrilen bizitakoa gogoraraziko digun elementua.


 

ESPECIES DE ESPACIOS

Irakurri dut azkenean. Zapatu goiz aspergarri batean Eta zergatik ez? erantzunaren ondorio. Hasiera batean espazioei buruz era orokor batean hitz egiten hasi denean Hay una tendera que levanta la persiana metalica de su tienda bezalakoak imaginatu edo "ikusi" ahal izan ditut. Ados. Nire amak igande goizetan ogi bila bidali eta azkar joaten ez banaiz Denda itxiko dizute! esaten didanean gertatzen zaidan bezala (azken honetan liburukoan baino larrituago bizitzen dut imaginazio hori). Baina benetan harritu nauena ohea eta logelari buruz hitz egiten hasi denean izan da. Kontuan hartuta nire logelako mahaiaren aurrean eserita irakurri dudala, oso kuriosoa egin zait idazleak bere ohearen eta logelaren inguruan egiten duen gogoeta hori nik momentu berean nire ohe eta nire logelarekin egin izana ohea 30 zentimetrotara edukita. Nire kasuan, 18 urtez nirekin bizi izan den espazio hori bera ulertzeko beste modu bat eskeini dit. Horren normala, horren betikoa egiten zaigun hori modu berezi baten ulertzeko modua.

Azkenik Logela pasartearekin lortu izan ditudan pentsaera batzuk azaldu nahi ditut. Liburuko zati honen amaieran idazleak bi Pequeño pensamiento placido azaltzen ditu. 
Lehenengoaren arabera (edo horrela interpretatzea aukeratu dut nik), tokia dena delakoa izanda ere bertan espazio egoki bat aurkitzeko gai gara. Hau irakurtzeaz bat nire aurtengo bizipena etorri zait burura: kurtso berriarekin, distantzia zela eta, Donostira joan behar izan nintzen bizitzera. Lehenengo aldia zen etxez aldatzen nuela eta hasiera batean ez nengoen gustura baina denborarekin ikusi dut nire espazio propio bat aurkitu dudala bertan, eta hemendik hamar urtera adibidez gela gogoratzearekin bat izugarrizko hotzikara sentitu ahal izango dudala. Pentsamendu honekin batera nire pisukide batek esan zuena ere etorri zait burura. Etxe berri honetan bizitzen sartu eta hilabete pare batera logelako distribuzioa aldatu zuen, orain, zera esaten du: "Etxe hau uzten dugunean logela sartu ginenean bezala utziko dut, distribuzio hau, logelaren forma hau nirea bakarrik izango baita". 
Bigarren Pequeño pensamiento placido horren arabera, norberaren bizitzak denboran zehar logelan pilatutako hondakinak norberaren aberastasuna dira. Guztiz ados, alde batetik, hondakinak; bizitako horrek denboran zehar utzi dituen oroigarriak garai bateko hondakinak direlako. Bestalde, aberastasuna; guzti hori delako hain zuzen ere gure bizitzaren adierazle, hondakin horiek direlako gure bizitza, oroitzapen hauek txarrak zein onak izan, gure bizitza den modukoa izatea ahalbidetu dutenak direlako.


jueves, 2 de mayo de 2013

KAIOLAK, ATERKIAK, BURBUILAK

Javier Echepareren hitzaldi honen izena hasieratik bitxia iruditu zitzaidan. Ez beharbada izena bera, baina bai hiru elementu horrek arkitekturarekin nolabait lotu izana.

Hitzaldia "kaiolekin" hasi zen. Garbi dago kaiolek espazio bat sortzen dutela baina denok dakigu leku hauen izaera zein den eta sentiarazten gaituena ez dela hain zuzen ere horren beste desio dugun askatasuna. Baina hau erakutsi zaiguna da, eta Javier Echeparek esan zuen bezala ulertu ezkero, espazio hauen "edertasuna" aurki genezake. Hau da, kaiola, preso hartzen gaituen zerbait bezala imaginatu beharrean, bere barnean egonda askatasun bisual totala duen elementua bezala ulertu daiteke. Ideia honi bueltak emanez Donostiako Askegunean gertatutakoa etorri zitzaidan burura, ez beharbada bisualitate horrekin lotuta baina kaiola beste zentzu batean ulertuz. Atxiloketaren egunean bertako ehundaka gaztek "kaiola" bat sortu zuten 8 gazteen inguruan, eurak ere Herri Harresia bezala izendatu zuten euren burua, baina giza kaiola hau zen hain zuzen ere gazte hoiei nolabaiteko askatasuna ematen ziena.


"Aterkiekin" jarraitu zuen. Niri elementu honen ulerketa berritik gehien gustatu zitzaidana zera pentsatzea zen; nola pertsona bakar batek kaleetan eta denboran zehar espazio/lerro-kurbo hori sortzen duen, nola gizakiak sortutako espazio finkoen artean mugituz, euritik babestuz, denboran zehar galtzen diren korridoreak sortzen diren.



Eta azkenik, "burbuilak". Elementu hau da beharbada habitableena edo ez horren arraroa egiten zitzaidana, izan ere, burbuilen kontzeptua izan da gizakiak bere bizimoduan maila ezberdinetan aurrera eraman nahi izan duen ideia. Pertsona baten logelatik hasi, eraikin guztietatik pasatuz eta estatu mailaraino, beti pribazitatearen atzetik, egiten duguna ezkutatzen, kanpokoarekiko isolamendua lortu nahian. Egia da pertsona bakoitzak bere pribazitate maila txiki bat behintzat "beharrezkoa" duela baina gure burbuila opakuak gardentzen ikasi behar dugu.

.

domingo, 21 de abril de 2013

HABITAT URBANOA

Hiru irakasleentzat habitat bat eraiketzeko hiru toki proposatu zizkiguten. Hirurak gure unibertsitatearen inguruan baina guztiz ezberdinak; eraikitako etxebizitza batzuen ageriko egitura, Arkitekturako eskolako sarrera zaharraren espazio hutsa eta Oñati enparantzako eraikinik gabeko espazioa,  hiru zutabeetan. Nik azkenengoa aukeratu nuen,  izan ere, eguzki izpi gehien jasotzen dituena izateaz gain "amaitu gabeko" plaza honi osotasun bat emateko aukera oso ona iruditzen zitzaidan.


 
 
 




Helburu hau buruan izanik, plaza tradizionalak begiratu eta unibertsitateetako honi horren ohikoak diren arkupeak falta zitzaizkiola pentsatu nuen. Ideia honetatik irten zen nire proiektuaren itxura nagusia, plazara begiratzen zuen fatxada nagusi bat baina aldi berean Tolosa hiribidera aurpegi leun bat azaltzen zuen arkupea.







Ezaugarriak direla eta, ideiak planotara eramatean, habitatak izugarrizko neurria hartzen duela ikusi dut. Hala ere, honi irtenbide bat emateko habitata bi zatitan banatu dut; hiru zutabeak lotzen dituen zuzenetik Tolosa hiribidearen aldera bizilagunentzat espazioa (logelak, tailerra, lan-tokia, egoteko espazioa...), aipatutako hiru zutabe horien bi tarteetako baten habitatera sarrera eta bestean komuna eta sukaldea (guzti hauek kristalezko ate korrederaz ezkutuan gelditzen direla) eta azkenik zuzen honetatik Oñati plazako aldera espazioa publikoagoa tximinia batekin. Azken honetan espazioa tximiniak bakarrik banatzen duela esan daiteke, izan ere, habitataren "jabeak" aske dira egongela, jantokia, jaiak egiteko tokia edo dena delakoa jartzeko edo ez eta jartzekotan beraiek aukeratzen duten tokian egiteko. 

Argiaren ibilbidea kontuan hartuta, habitataren zati publikoenean izpiak zeharka sartuko dira eta bizilagunen tailer, lan-toki, egongela "pribatua"... jasoko luketen bi espazio horietara, Tolosa hiribidera ematen duten egurrezko oholei ezker, argi leundu bat helduko da. Logeletan, berriz, argiarekin eta baita bistekin jolasteko ere, beirate bat ireki dut bakoitzaren sabaian.


Aurretikoa - Goitikoa - Albotikoa

Kalea - Sarrera OINPLANTA

Habitataren OINPLANTA

A-A' EBAKETA

B-B' EBAKETA
Proiektu honekin, beraz, habitata bera den espazio ireki eta aldakor bat sortzeaz gain, arkupe zabal bat ere lortzen da, non unibertsitateko eta bestelako ekitaldi, jaialdi etab. egin daitezkeen. Hau garbiago ikusi daiteke maketaren bidez.










martes, 26 de marzo de 2013

LA BUENA VIDA

Ez zait ba horren erraza egin Iñaki Ábalosen liburu hau irakurtzea, hala ere, uste dut behintzat jakin dudala loft baten esentzia eta jatorria zein den bereganatzen. Intentziorik gabe sortutako lekuak, zerbait ekonomikoa topatzearen ondorio, garapen pertsonal/artistikorako tokiak, bizi eta ulertzekoak. Bertan bizi den edo diren pertsonek, norberaren garapenerako ona dela ulertuta, lana behartutakoa edo gogorrotatu behar den zerbait  ez dela dakite. Hala ere, ez da guztia horrekin lotuta egongo, jaiak eta bilera sozialak ugariak izango baitira.

Beraz, bai, gizarteak toki hauen inguruan esandakoa egia ez dela liburu hau irakurtzearekin bat jakin dut. Espero nezakeen habitat hauek nolabaiteko bohemioak  izatea, baina ikusitakoak ikusita gaur egungo gizartearen etxebizitza hiritar moderno bat besterik ez zela pentsatzen nuen. 

Moda eta gizartearen kapritxoa izan dira azken aldian loftaren erabilera horren beste zabaldu dutenak. Ez baitut uste gaur egun loft baten bizi den pertsona orok mentalitate ireki, aske edo sortzailea duenik, habitat hau bizi beharko litzatekeen moduan bizi duenik...

Ez dut esan nahi benetan pentsamolde alternatibo bat garatzeko beharra duen pertsonarik ez dagoela, baina onartu beharra dago loft-a bere jatorrietan espero ez zen jende baten atzaparretan erori dela. Ados ez bazaudete sartu zaitezte Wikipedia web orrian eta bilatu Loft... Loft bat eraikitzeko pausuak. Beldurra ematen dit Personalidad hitza bilatu eta hau garatzeko pausuekin topo egiteak.

martes, 5 de marzo de 2013

INGURU NATURALEKO HABITATA



Lehenagoko azalpenetan esan bezala proiektua hau Bergarako lur-sail maldatsu baten kokatzen da eta printzipioz bikote bat eta beste bi pertsonentzat egina dago. Honetaz gain, irakasleek eskatutako baldintza minimoak espazio komun bat eta beste lau pertsonal sortzea zen, lehenengoa gutxi gora behera 40 metro karratutakoa izanik eta gainerako laurak 20 metro karratutakoak.










Nire terrenoan dagoen aldaparen arazoari aurre egiteko solairu ezberdinetan banatu dut habitata; 4 pertsonek dituzten behar komunak betetzeko tokia beheko solairuan eta behar indibidualak goiko pisuan. Zati finkoa hormigoi armatua bezalako materialaz eraikiko litzateke zurruntasuna azalduz baina bere itxura arin eta arruntak habitata betirako ez dela adieraziko luke. Hala ere, aldaparen arazoak bertan jarraitzen duenez zati finko hau zutabe batzuen gainean bermatuko da eta lurraren eta habitataren lotura errazteko eraikinaren bi aldetan eskailera batzuk aurkituko ditugu. Bi eskailera hauek, etxe aurretik terraza bezala igaroz, korridore batez daude lotuta. Bata sarrera printzipalera eramaten duena da eta bestea berriz ortuarekin erlazioa sortzen duena.


Leku komunaren ezaugarri finkoak laukizuzena inguratzen duten hiru horma, herrirantz ematen duen eta ireki daitekeen beirate zabala, sukaldea, sua, goiko pisurako eskailerak eta komuna dira . Elementu hauek sortzen dituzten espazioak modu ezberdinetan antolatuko dira bertan bizi direnen arabera. 

Eskailerak igoz gero beheko solairuaren estalkia den lauza batekin, iparralderantz dagoen lur-sailarekin lotura ezartzen duten 3 maila luze eta eskailera inguratzen duen aterpe txiki batekin aurkitzen gara. Aterpe honetara lotuko dira hain zuzen ere pertsona bakoitzaren habitat pertsonalak.



Espazio indibidual hauek lurretik altxatuta daude eta 3x3 metroko kuboak guztiz modulagarriak dira, bai barneko distribuzioari dagokionez eta baita espazioaren itxiturari dagokionez ere. Modulazio honen azalpena irudietan ikusi daiteke. 




Amaitzeko esan beharra daukat, habitat osoa eusten duten zutabeen inguruan ere aterpe antzeko espazio bat sortzen dela, zeina egoteko toki bezala edo bertan dagoen ortua lantzeko tresnak gordetzeko estalpe bezala erabili daitekeen.


Nik uste dut, beraz, ikusi daitekeela nola habitata ia bere osotasunean aldakorra den, betiere bertara doazen pertsonen arabera moldatuz.